XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. ANTOINE D'ABBADIE BERE GARAIAN

Antoine d'Abbadierena den bezalako nortasun anitz eta aberatsak bideratu du gaur haren inguruan jakintzaren hainbat adarretako jakinzale eta ikertzaile biltzea Kongresu honetara, eta horrek ezaugarri bereziak ematen dizkio Kongresuari. Aitortu beharra dut orain artean ez nuela inoiz esku hartu euskaralariak, Etiopiako hizkuntzetan adituak, fisikariak eta astronomoak, besteak beste, hartzen dituen inongo Kongresutan.

Gaiari zuzen heldu aurretik, Antoine d'Abbadie bizi izan zen garaian kokatu beharrean aurkitzen naiz, larriki bada ere, eta abiatuko gara garaiko gizona izan zela esanez. Baieztapen hori egin ondoren azaldu beharko genuke zer adierazi nahi dugun horren bidez. Izan ere, ez ote gara denok, gure garaiko gizon-emakumeak, hau da, bizitzea egokitu zaigun garaikoak eta ez bestetakoak? Antoine d'Abbadie, hain bizitza eta obra bereziko gizon hura, bere garaiko gizonaren paradigma gisa aurkez daiteke gure begien aurrean?

Abbadie d'Arrasten bizitza luzea osorik igaro zen XIX. mende hori hobekien definitzen duten ezaugarriekin bat datoz. Jakintzaren, zientzia ezagupenaren zaletu sutsua izan zen. Zientzia elkarteek, gobernuek bermaturiko Akademiek, aurkikuntza bizitzeko arrazoia egina zuten Abbadie bezalako pertsonak biltzen zituzten beren baitan.

Alabaina, XIX. mendeko mendebaleko munduari dagozkion bi fenomeno garrantzitsuenak, zientzia-sukar horrekin mamiki loturik daude, elkarren artean ere loturik daudela. Haietako lehena, industrializazioa, iraultza teknologikoa dela medio, produkzioaren hobekuntza eta gehikuntzari aplikatzekoak ziren aurrerapenen goseak zegoen. Bigarrena, Europak burutua zuen munduko kolonizazioa, Asia eta Afrikan batez ere. Mundua haren eskuetan dago. Lehengaiak lortu eta merkatuak zabaldu beharrak ezinbestean hartarako bultzatzen bazuen ere, aurretik zientzilariak, Geografia Elkarteak eta mendebaldarrentzat ezezagunak ziren eremuen esploratzaileak zihoazen: lurralde zapaldu berri horien artean Afrika zen lurralderik gogokoena eta ezezagunaren bila abiatzen ziren abenturazaleei ustekaberik gehien ematen ziena.

Lehenik fauna eta flora berriarekin harremanetan jartzea dago, eta ondoren, bertako biztanle ezezagunekin, haien hizkuntzekin, ohiturekin, antolakuntza politikoarekin eta sozialarekin. Dena ikerketa, sailkapen eta konparazio-gai da Kartografiak gorakada eta garapen handia egin zuen eta zientzia-mailara iritsi zen. Esploratzaileekin, haien arrastoen ondotik batzuetan eta haiekin batera bestetan, misiolariak zihoazen, eta haien lana erabakiorra gertatu zen erljioaren bidez eremu haietako biztanleak mendebaleko moldeetara jartzeko, haien mundu-ikuskera aldatzeko, ideia berriak sartzeko.

Dudarik gabe, Abbadie bere garaiko zientzilariaren ereduari zegokion; zientzia esperimentalei guztiz atxikia zen eta horrek jakinmina erakartzen zuten fenomeno guztiak neurtu, kontatu eta egiaztatzera eramaten zuen, bai eta ordura arte ezezaguna eta urruna zen mundu zatiak ezagutzera ere.

Bada, halaber, garaiko izipirituari dagokion Abbadieren beste alderdi bat ere: mezenas izan zen. Bere espedizioek, bidaiek eta gainerako ikerketek eragindako gastuak ordaintzeaz gain, diru kopuru handiak xahutu zituen bultzatu beharra garrantzitsua iruditzen zitzaizkion jarduerak finantzatuz, funtsean, bere obra handia izan ziren Lore Jokoetan, baina horiek, jakina, geroago ukitu ditugu.

Lan egin beharrik ez eta bere dirutza gogoko bizitza bizitzera zuzentzen duen errentadunaren irudi hori, ondasunak bidaia eta espedizioak finantzatzeko, zientzia jakinmina asetzeko, euskara bultzatzeko eta Euskal Herriko ohiturak ezagutu eta zabaltzeko erabiliz Abbadiaren kasuan, lehengo garaiei dagokie, egun banakako mezenas horien eremua behin betiko zabaldu baita erakunde publikoek, instituzioek eta baita marketing eta irudiaz halako ikuskera bat duten enpresek beretu dutenez geroztik.